Pásate al MODO AHORRO

Euskal argitaletxeak koronabirusaren aurrean

Erein Argitaletxetik, J.A. Iturriren hitzetan argital sektorearen etorkizuna ez dago izurritearen menpe soilik, “baizik eta beste hainbat aldagairen baitan”

Gizon batek liburudenda batean behatzen ditu liburuak. /Efe
Gizon batek liburudenda batean behatzen ditu liburuak. /Efe

Koronabirusak bizitza ezagutzen dugun moduan aldatu duela argi dago. Sektore guztietara iritsi da izurritearen eragina, baita argitaletxeetara ere. Hauek 2008ko krisitik ekartzen zuten zama areagotu du pandemia honek. Liburu dendak hiru hilabetez itxiak egonda, edizio planak berregitera behartuta ikusi dira euskal editorialetan, Olatz Osa, Elkar argitaletxeko zuzendariak azpimarratzen duenez. Arazoa larria izanda, argitaletxeen etorkizuna ez dago koronabirusaren baitan soilik, “gizartearen kultura eta irakurtze mailen, hezkuntzaren, administrazio publikoen politiken eta kanpainen, eta gurasoek beraien haurrei irakurzaletasuna sustatzeko duten konpromisoaren menpe” baita dagoela gogorarazten du J.A. Iturrik, Erein Argitaletxetik. 

Orotara, liburuak euskaraz zein gaztelaniaz kaleratzen dituzten argitaletxeen galerak %20koak izango zirela aurreikusten zuten Euskal Editoreen Elkarteak apirilean. Erein taldetik, ordea, %35eko inguruko salmenten beherakada espero dutela dio orain Iturrik. Koronabirusak, baina, lehenagotik zeuden “zailtasunak eta ahuleziak areagotu egin ditu”, Osaren hitzetan. Izan ere, Euskal Editoreen Elkarteak apirilean zabaldu zuten ohar berdinean 2008ko krisiaren astinduaren ondoren sektoreak laguntza politikoak jaso ez zituztela salatzen zuten, eta zama horrekin iritsi direla uneko krisi honetara. 

2008ko krisiak utzi zituen datuak

Koronabirusaren pandemiak sortu duen krisiaren atarian, Euskal Editoreen Elkartea 2008 ko datuak errepikatuko diren beldur da, ez bakarrik salmentei begira, baita argitaletxeetan lan egiten duten langileen kopurua berriro ere murrizteko arriskua dagoelako. Aurreko krisiak 110 lanpostu suntsitu zituen argitaldarietan zuzenean lan egiten zuten beharginen artean. Zeharkako langileen artean −diseinatzaileak, itzultzaileak, marrazkilariak, adibidez− suntsitutako postuak 80 izan ziren. Liburuen salmentari dagokionez, 2008tik 2018ra %20ko jaitsiera antzeman zen. 

Martxoan, Olatz Osaren esanetan hainbat argitalpen “udazkenera eta baita datorren urtera ere” atzeratu behar izan ziren, edizio planak guztiz egoerara egokituz, beti sortzailearekin adostuta. Liburu dendak itxita zeudenez, liburu berriak “iragartzeko eta albistea komunikabideetan mugitzeko” aukera ez zegoen eta, hortaz, plazaratzeak eten egin ziren, Erein taldeko, J.A. Iturrik ohartzen duenez. Bertan, esaterako urteko edizio planeko materialaren %14-a itxaron zerrendan geratu dela dio. Liburu azokak edizio garaietako erreferenteak ohi dira orain arte, Durangokoa esaterako, baina asko bertan behera gelditu direnez, adierazle hauek aurten bere balioa galdu dute baita.

Online ereduaren eragin eskasa 

Izurritean gehien entzun den hitza ‘online’ izan da, segur aski. Gizarte ekintza guztiak pantailaren beste aldean bildu izan dira, eta, dirudienez, horrela jarraituko dute momentuz behintzat, baita salmentei dagokionez. Liburuen Internet bidezko salmenta ez luke, hasiera batean, argitaletxeetan eragina izan beharko. Eskaerak, eskaerak dira, eta liburu bat fisikoki irakurri nahi duenarentzako, liburu hori inprimatzen jarraituko da. Ala ere, Elkar taldeko zuzendariak argitaletxeek “sustapen eta ikusgarritasun politika egoera berriari” egokitu behar direla onartzen du. Are gehiago, Internet bidezko salmentari buruz, “izurriteak lehendik abiatuta zeuden prozesu batzuk azkartu” egin dituela gehitzen du. 

Salmenta eredu hau gelditzeko etorri dela eta “talde handi horiek eskaintzen dituzten prezio eta zerbitzu ereduak ez dira gutxiesteko modukoak” dio Iturrik. Begirada, ala ere, liburu dendetako zerbitzuetan jartzen du Erein argitaletxekoak, izan ere, online erosiz, irakurlea “salmenta zerbitzu soil baten aurrean” aurkitzen dela dio, “literatura gustuen inguruko aholkuak eman ditzakeen lan talde espezializatua duen liburu denda baten aurrean”. 

2020an, proiektu berriei begira baita

Liburu dendei buruz, Iturrik bezala, Betzaida Urtaza idazleak, eta Amesgile Argitaletxearen sortzaileak hauen berezitasuna azpimarratzen du. Naiz eta online eredua “munduko leku ia guztietara iristeko aukera ematen duen, inportantea da liburua ukitzea, kuxkuxeatzea”, dio Urtazak, 2020 honetan bere argitaletxe propioa eraiki duela. Bere argitaletxeko, momentuz, liburu bakarra Euskadiko liburu dendetan aurkezten ari da, nahiz eta bera etxetik lan egin eta bere bezeroekin Internet eta sare sozialen bidez komunikatu. 

Urteak idazten egon eta ondoren, argitaletxe handietan bere sorrerak kaleratzeko hiru eta sei hilabete itxaron behar zuela konturatu zen, baita irabaziak txikiagoak izango zirela ere. Etxeratze aginduak inspirazioa ekarri zion eta bere proiektua aurrera ateratzeko momentua zela erabaki zuen Urtazak, bere ingurukoen harridurarekin;  “batzuk ‘kriston’ ausarta” zela esan zioten, beste batzuk, ordea, erotuta zegoela. Proiektu honek ilustratzailea, inprenta eta kaleratzeko aldagarri guztiak aukeratzeko gaitasuna ematen dio. 

Krisi berri honi aurre egiteko unea iritsita, Olatz Osa, Elkar argitaletxeen zuzendariak sektoreak “indarberritzeko neurriak” identifikatuak dituela baiesten du, eta “horiek praktikara eramateko baliabideak eta lege arauak herri- administrazio ezberdinekin” lantzea besterik ez dela falta. Horretarako, Euskal Editoreen Elkartetik neurri pizgarriak eskatzen diote administrazioari. Horien artean, %25eko igoera literatura-argitalpenerako laguntzetan, euskaraz zein gaztelaniaz, bai eta argitalpen-planari dagokion kopuruaren gaineko diru-aurrerapenak ere. Dirutik haratago, irakurketa sustatzeko iragarki plana eskatzen dute, Iturrik dioen bezala, argitaletxeen etorkizuna ez dagoelako koronabirusaren baitan soilik, “azken finean, gizarte kritiko bat erdiestearen baitan” baizik.

Archivado en:

Lo más leído
Destacados