Cultura

Luis Mari Zaldua: “Erromatarrak iritsi zirenean Gipuzkoan bazeuden euskaldunak”

Besteak beste, lurraldeko toponimia erabili du Luis Mari Zaldua euskaltzain urgazleak aspaldiko ustekizun erdipurdikoak zalantzan jartzeko

13 marzo, 2021 05:00

“Euskararen historiari dagokionez, inork ez dauka erabateko egia, jakina”, adierazi du Luis Mari Zalduak, 'Gipuzkoa Antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan' liburuaren egileak. Zalduaren ikerlan berria plazaratu du Euskaltzaindiak, Izenak sailean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du.

Liburuak oraindik ere bizirik dagoen ustekizuna ezbaian jartzeko argudioak mahairatzen ditu. Ustekizun edo hipotesi hori aski ezaguna da, eta badio euskara Antzinaroaren amaieran heldu zela Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, nondik eta Nafarroatik. Liburu honek bestelakoa dio, eta toponimian errotutako arrazoiak erakusten ditu batik bat. “Gipuzkoan, gaurko datuen argitan, jatorri indoeuroparreko mintzairen ekarpenak gaineko geruza ematen du, ez azpikoa, hau da, itxura batean, badirudi euskaldunok hemen bizi ginela Antzinaroan eta gure hizkuntza (edo haren sustraia) ez zela hona heldu gure aroaren lehen gizaldietan”, dio ikertzaile gipuzkoarrak.

Aspalditik hedatuta dagoen teoria baten aurrean bestelako arrazoiak jartzen ditu liburu honek, toponimian errotutakoak. Baina, zer dio teoria horrek eta nortzuk zabaldu zuten?

Hipotesi horrek proposatzen du euskara Nafarroatik heldu zela Gipuzkoa, Bizkai eta Arabara. Plazaratu zuen lehenengoa euskaldun bat izan zen, Arnaut Oihenart; berak iradoki zuen, orain dela lau gizaldi, ideia hori. XX. mendearen hasieran bi hizkuntzalari nabarmendu ziren teoria horren alde egiten: bata, Manuel Gómez-Moreno granadar historialaria, eta bestea, Gerard Bhär gipuzkoarra. Euskara Nafarroatik heldu zela defendatzen zuten bi autore horiek ere. Hirurak ospeko ikertzaileak izan ziren eta gauza bertsua proposatu zuten, eta gaurko zenbait hizkuntzalarik ere teoria hori sostegantzen jarraitzen dute.

Zergatik dago hain sustraituta teoria hori?

Erromatarren garaiko epigrafia gutxi dago Gipuzkoan. Urritasun horrek ez ditu gauzak errazten. Beraz, teoria honetan badago arazo nagusi bat: informazio falta. Bestalde, erromatar garaiko autoreek eta geografoek darabiltzaten Gipuzkoako hirien edo tokien izen gehienak ez direla euskal jatorrikoak. Honela, euskararen aztarna gutxi dagoenez gero, gaurko autore horien proposamena hauxe da: Euskal Autonomia Erkidegoan ez zela euskaraz mintzatzen. Eta bigarren galdera logikoa da: euskaldunak ez baziren, zer hizkuntzatan hitz egiten zuten?

Badirudi Nafarroako eremu zabal batean Antzinaroan euskaraz hitz egiten zutela. Bestetik, Mesetaren iparraldean zeltiberiera hitz egiten zen. Egile horiek, hori guztia kontutan hartuta, ondorioztatzen dute beste hizkuntza bat erabiltzen zutela giputzek, hots, hizkuntza zelta edo zeltiberiarra.

Zalantzazko teoria, zure ustez…

Bai. Alde batetik, Gipuzkoan badago euskararen hilarri bat euskal sustraiko aztarnak dauzkanak, Andrearriagako estela, alegia; hortaz, hor zerbait badaukagu. Bestetik, lehen aipatu ditudan autoreek erabiltzen dituzten erromatarren garaiko historialari eta geografoen liburuetako izenak, euskaldunak ez direnak zalantzazkoak dira. Ez dira guztiz fidagarriak.

“Ez dago arrazoi aski esateko erromatarrak iritsi zirenean Gipuzkoan jatorri indoeuroparreko hizkuntza bat gailentzen zela”

Eta zuk bestelako ‘arrazoiak’ proposatzen dituzu liburuan, hain zuzen, arrazoi toponimikoak.

Onomastika arloko ikerketa bat egin dut. Gipuzkoan badugu toponimia aberats bat, askotariko toki izenekin. Horien artean, batzuk maileguan jatorri duten izen nahiko zaharrak dira, erromatarren garaikoak edo zaharragoak. Nik, Patxi Salaberriren oinatzetan, aztertu dut izen horiek zer nolako bilakaera izan duten denboran zehar.

Eta izen horiek nola aldatu edo gorde diren ikusita, garbi samar dago ezin direla bere horretan azaldu hasieratik euskaldunek erabili ezean. Izen horiek erakusten digutena da, sortu zirenean, hots, hasieratik, hemen bazirela euskaldunak. Izen horien eboluzioa ezin da azaldu euskaldunak egon ezean. Hortaz, izenei erreparatuta nahiko argi ikusten da gurera erromatarrak iritsi zirenean, hemen bazirela euskaldunak.

Beraz, EAEra euskara Nafarroatik heldu zela dioen teoria ez da aintzat hartu behar?

Esan moduan, erromatarren garaitik hona iritsi zaizkigun leku izenak ezin dira ulertu euskara aintzat hartu gabe. Adibide ezagunenetariko bat Getaria da. Latinetik datorren izena, caetaria-tik gutxi gora-behera ‘arrain lantoki’ adiera duena. Euskaraz Getaria dugu, eta hori bakarrik azaldu daiteke esanez izen hori hasieratik euskaldunen ahotan egon zela. Esaterako, Galizian izen hori ez da Getaria bihurtu, baizik eta Cedeira. Zergatik? Hemengo biztanleek latinezko izena euskararen moldera egokitu zutelako.

Zegama ere hor dago, Gipuzkoan dagoen izenik zaharrenetariko bat. Jatorri indoeuroparra du, eta Iberiar penintsulan badaude jatorri bereko bestelako izenak, hala nola, Burgosko Sasamón. Seg hasiera daukaten izenak sorburu berekoak dira, baina gure kasuan ez dago 's', 'z' baizik. Euskaldunek soinu hori bere hizkuntzara moldatu zuten, hots, euskarara.

Hala ere, galdera ugari geratzen dira airean, ezta?

Uste dut ideia honen inguruan hausnartu beharko genukeela: zergatik etorri behar zuen euskarak nonbaitetik Gipuzkoara? Zergatik ez onartu erromatarrak heldu zirenean hemen euskaraz hitz egiten zela?

Eta, jakina, euskararen iraganaz edo historiaz ari garenez gero, ñabardura bat egingo nuke eta, ondorioz, euskal enborreko hizkuntzaz hitz egingo nuke, edo euskararen sustraiez. Azken finean, euskara da guk gaur egun erabiltzen dugun hizkuntza, edota Erdi Aroaz geroztik ezagutzen duguna, baina orain dela 2.000 urte erabiltzen zutena familia, sustrai edo jatorri bereko mintzaira zen, baina ez, segur aski, hizkuntza bera zehazkiro.

Koldo Mitxelena maisuak esaten zuen euskararen misterioa ez dela jatorria, hainbeste denboran iraun izana baizik. Honekin esan nahi dudana da erromatarrak Iberiar penintsulara heldu zirenean bazirela hizkuntza gehiago (iberiera, zeltiberiera...), baina guztiak desagertu edo galdu dira. Gurea ez, horixe da benetako misterioa: euskararen iraupena, ez jatorria.

"Agian Historian ez da inoiz hainbeste euskaldun egon Euskal Herrian"

Iraganari begira gaude, baina nola ikusten duzu zuk euskararen etorkizuna?

Ez dakit. Etorkizuna hurrengo belaunaldia bada, nik esango nuke eutsiko diotela euskarari. Eta agian hurrengoak ere bai. Hortik aurrera, batek daki.

Argi dagoena da azken hamarkadotan ezagutzaren mailan euskarak aurrera egin duela, gutxiago edo gehiago, dakien jende gehiago baitago; alfabetatu kopurua handia da. Agian Historian ez da inoiz hainbeste euskaldun egon Euskal Herrian. Noski, ez nahiz hainbatekoaz ari, zenbatekoaz baizik.

Eta, era berean, euskara ez da zientzian, unibertsitatean, hezkuntzan, komunikabideetan... gaur egun erabiltzen den adina erabili. Beraz, ezagutzaren aldetik egoera ez da oso txarra. Beste kontu bat da erabilera, jakin, baitakigu, gazteen artean batez ere badagoela apaltze edo jaitsiera bat. Hor badugu erronka handi bat, ondoko urteetan jorratu beharreko alorra ezbairik gabe.

Gazte batzuek betebehar edo inposaketatzat dute euskara...

Bakoitzak jakingo du zertan dabilen, baina hemen “teorian” bi hizkuntza ofizial daude; beraz, biek dute “derrigortasun” maila bera, berriz diot, “teorian” behintzat.

Nik hizkuntzak aukera moduan ikusten ditut. Nire ametsa litzateke munduko hizkuntza guztietan mintzatzeko gai izatea, horrek gauza asko jakiteko eta jende askorekin harremana izateko aukera emango lidakeelako. Zenbat eta hizkuntza gehiago ezagutu, orduan eta jende gehiagorekin izan zenezake harremana, eta hori, jakina, beti da aberasgarria.

Hortaz, nola motibatu gaur egungo gazte jendea?

Zaila da. Gaurko gazteek jaiotzatik izan dute euskara eta euskaraz ikasteko aukera. Nire belaunaldikook ez. Lan asko eginda lortu den zerbait da, baina, batzuetan, asko kosta dena ez da behar bezainbat estimatzen. Gaurko gazteek beste hizkuntzetatik erraz jaso dezakete nahi dutena, beste hizkuntza horietan ere gauza interesgarri asko baitaude. Milioika pertsona ditugu ingelesez eta gaztelaniaz hitz egiten eta gauzak sortzen; horrek gauza interesgarriak kontsumitzeko aukera ematen die gazteei. Euskaraz jende gutxiagok egiten du eta, ondorioz, edukiak sortzeko aukera ere urriagoa da. Askotan, ez da erraza euskararen hautua egitea, zuk nahi duzuna euskaraz aurkitzea.