Pásate al MODO AHORRO

Euskadik plan bat sustatu du 2030ean buru izateko soldata-tartearen murrizketan

Lan eta Enplegu Sailaren helburu nagusia, emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasuna bermatzea da, gizarte osoarentzat justizia eta onura neurria baita.

Euskadin, emakumeen urteko batez besteko soldata, ehunekoari dagokionez, gizonaren % 76,4 da; Espainiako gainerako herrialdeetan baino ia bi puntu gutxiago. Datu horiek baieztatu besterik ez dute egiten soldata-aldea oraindik existitzen dela. Lan-eremuan gizonen eta emakumeen artean dagoen distantzia hori, jadanik dauden neurrien bidez murriztu eta desagertarazi nahi da. 

Ekimen horiek Euskadiko Soldaten Aldea Murrizteko Ekintza Estrategia eta Plan Eragilean jasotzen dira. Eusko Jaurlaritzak duela bi urte baino gehixeago erabaki zuen hori, eta helburu nagusia emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasuna bermatzea zen, justiziaren eta gizarte osoaren onuraren neurri gisa. Lorpen horrek, hazkunde ekonomikoa areagotzen, produktibitatea gehitzen eta bateragarritasun erantzunkidea bultzatzen lagunduko du. 

Eta hori guztia, 2030ean pentsatuz. Hamarkada bat barru, Euskadik soldata-tarte txikiena duten Europako eskualdeen artean egon nahi du. Horrela balitz, Idoia Mendia lehendakariordeak zuzentzen duen Lan eta Enplegu Sailak "gizarte aurreratu batean onartezina den desberdintasuna" kontsideratzen duen arazo horrekin amaituko litzateke. 

Hori konpontzeko, hainbat erronkatan lan egiten ari da, honako helburu hauek lortzeko: soldata-diskriminazioa desagertaraztea, lan-bereizketa murriztea, berdintasunetik eta berdintasunerako hezkuntzan sakontzea, eta helburu hori lortzeko euskal gizartea maila guztietan sentsibilizatzea eta konprometitzea, ez bakarrik lan-munduan. 

Datorren urteari begira, konpromiso hori handiagotu egingo da. Aurrekontuari buruzko azalpenean, lehendakariordeak berdintasunezko lanaren erronkari buruz hitz egin du, eta esan du "ezin dugula enplegu duinaz hitz egin soldatetan emakume izateagatik bereizkeria egiten bada, emakumeak nahi ez duen denborazkotasun eta partzialtasunarekin kateatuta jarraitzen badu, familia zaintzako lanen funtsezko zama ematen jarraitzen duen gizarte batean. Zeregin hori, kohesionatua eta berdinkidea izan nahi duen gizarte osoarena izan behar da, eta gure lana saila garen aldetik, sentsibilizazio eta informazio ahalegin guztiak areagotzea da”. Hori, lau ardatzetan, hogei bat jarraibidetan eta 60 neurri zehatzetan gauzatu da. 

Berdintasun-plana enpresetan 

Jadanik garatzen ari den neurri horietako bat da, 150 langile baino gehiago dituzten enpresek Berdintasun-Plan bat izan behar dutela. 2020ko lehen hiruhilekora arte, arau hori bakarrik bete behar zuten 250 langile baino gehiago zituztenek. 

Beraz, urrats bat da etorkizunean euskal enpresa-sare guztian berdintasun-planak pixkanaka ezartzen joateko: 2021eko martxotik aurrera ezarrita egon beharko da 100 eta 150 langile arteko enpresetan eta urte bete geroago, 50 eta 100 enplegatu artean dauzkatenetan. 

Iruzurra kontratazioan 

Zentzu honetan, 2019an, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak hainbat jarduera egin zituen lan-arloko berdintasunaren arloan. Ikuskapen-kanpainak egin ziren eta beraiei esker, guztira 6.379 kontratu aldatu eta legeztatu ziren (3.376 emakume eta 3.003 gizon). Beste modu baten esanda, 2019an berrikusitako 21.000 lan-kontratu baino gehiagoren %30. 

Guzti horri, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko burututako beste 350 ikuskapen gehiago gehitu behar zaizkio. Horietako 44 bi sexuen arteko soldatetan iruzurrak egoteagatik egin ziren. 

Hurrengo urtealdirako, Lan eta Enplegu Sailak hitzarmen kolektiboak berrikusiko ditu, soldata-berdintasunaren ikuspegitik. Horretarako, 70.000 euro erabiliko ditu, eta Lan Ikuskatzailetzarako soldata-tartearen berariazko plana ezarriko du, 150.000 euroko zuzkidurarekin. 

Sentsibilizazio kanpainak 

Gobernu autonomikoaren iturriek aitortu bezala, bide latz horrek zailtasunak izango ditu hemendik 2030era arte: data hori klabea da gizonen eta emakumeen arteko soldata-alde hori murrizteko. Eusko Jaurlaritzak abian jarritako beste neurri batzuk ere helburu bera lortu nahi dute. 

Gizarteari zuzendutako sentsibilizazio kanpainak bultzatzearen kasua da. Ildo horretatik, 2020an euskal telebista publikoan ikusitako lehen iragarkia, soldata-aldearen aurka zegoen. Argumentu bera errepikatuko da 2021an telebistan agertuko den lehen iragarkian. 

Lanbide maskulinizatuak 

Baina askoz gehiago dago egiteko, eta horretan lan egiten ari da. Adibidez, programa gehiago egiten ari dira emakume gehiago lanbide maskulinizatuetan sartzen laguntzeko, genero-estereotipoetatik urrun dauden ikasketak aukeratzen laguntzeko, zainketen sektorean lan egiten duten pertsonen balorazio ekonomikoa eta soziala handitzeko eta emakumeen lan-jardueraren tasa hobetzeko. 

Hori dela eta, Lanbiden programa bat sortzea sustatuko da, emakumeak esparru maskulinizatuetan prestatu eta kontratatzeko eta horretarako Eusko Jaurlaritzak, hasieran, milioi bat euro erabiliko du. Ekimen honen bidez, emakumezko gehiago sartu nahi dira gaur egun ordezkaritza oso txikia duten lanpostuetan, eta, bereziki, industria-sektorean. 

2021erako erronkak 

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko arduraduna Idoia Mendiak adierazi zuenez, neurri hauek datorren urtean ere ezarriko dira, “konbikzioz eta obligazioz”. 

Sailburuaren beraren hitzetan, konpromiso hori hedabideetan egingo den dibulgazio-kanpaina berri batean islatuko da, emakumeak maskulinizatutako esparruetan sartzeko programetan eta 

berdintasunezko lanaren erronka betetzeko hainbat jarduketatan. Guzti hori, 1.470.000 euroko inbertsioaz. Horietatik 1.170.000 milioi ekarpen berrikoak dira, eta gainerako partidak bikoiztu egin dira. 

Ekintza horiek lagunduko dute soldata-aldea murrizten, laneko berdintasuna bermatzen eta emakumeen ekimena eta talentua balioesten. Azken puntu horretan, hain zuzen ere, 2021eko neurri berritzaileetako bat sartzen da. Neurri horrek zerikusia dauka emakumeak buru dituzten proiektu berritzaileak bultzatzeko laguntza-sorta bat sortzearekin eta proiektu horiek erantzukizuneko postuetan sartzearekin. 

Labur esanda, berdintasun ekintzak, gizarte kohesionatu eta berdintasunezkoa sortzeko beharrezkoak diren ahalegin guztiak areagotzeko.

 

Gaztelaniazko bertsioa

Destacados
Lo más leído